Biografia

Entzun Pettiren biografia, Pedro Elias Igartuak egindako elkarrizketa mamitsuan, Soinugela saioan (Bilbo Hiria Irratia)


Musikarekin lehenengo kontaktua Noise Hole taldean izan zuen, hamasei urterekin. Geroago, bide esperimentalago bati ekin zion Zup taldearekin batera, baina 1997ra arte ez zen bakarka aritzera ausartu.

 

Lehenengo diskoa Amets bat izan zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999); hartan, Billy Bragg, Nick Cave eta Nick Drakeren eragina nabaritzen da. Ordutik, hainbat lagun izan ditu alboan; gehienak, Berako musikariak. Beñardo Goietxek (Morau eta Agotak) lagundu dio beti koruetan eta hitzak idazten, adibidez.

 

Bi urte geroago, Arrazoiak (Gaztelupeko Hotsak, 2001) kaleratu zuen. Arima rockzalea duen diskoa izan arren, folk delakora begira jarri zen bakarlari beratarra, abestiak gitarra eta ahots soilez eratuz.

 

Etxeko uzta hirugarren lana (Gaztelupeko Hotsak, 2002) izen bereko taldearekin grabatu zuen: Iñigo Telletxea (baxua), Joseba Irazoki (gitarra) eta Aitor Garzia Maikel (bateria). Disko elektrikoa da, Pettik grabatu duen rockeroena. 2003ko Gasteizko Azkena Rock jaialdian aurkeztu zuen. Halaber, zenbait kontzertu eman zituen Terry Lee Hale songwriter estatubatuarrarekin Euskal Herrian eta Espainian zehar.

 

Anari kantariaren Habiak (Esan Ozenki, 2000) diskoan kolaboratu ondoren, Anari ta Petti EPa egin zuten elkarrekin (Metak-Pil Pil Sessions, 2003).

 

Pettiren hurrengo lana beste disko partekatu bat izan zen, Hauxe (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Rafa Rueda eta Txuma Murugarrenekin. Disko horretarako, Ekaitz Hernandez (baxua), Natxo Beltran (bateria) eta Rafa Acevesek (teklatuak) osatu zuten talde laguntzailea.

 

Bost urtean bakarkako diskorik kaleratu gabe igaro ostean, On (Gaztelupeko Hotsak, 2007) plazaratu zuen, ia erabat berritutako talde batekin grabatutako lana: Joseba Irazoki (gitarra), David Gonzalez (baxua; PI.L.T., Berri Txarrak), Ekain Elorza (bateria; Seiurte), Arkaitz Miner (biolina eta mandolina) eta Jexux Aranburu (akordeoia, hammond eta fender rhodes).

 

Folk kantu biluziak, blues gordina, soul iluna, pop harribitxiak… topa daitezke doinuen aldetik Pettiren lanik osatuena den horretan, Andoni Tolosa, Xabier Montoia, Mixel Labegerie, JosAnton Artze eta Beñardo Goietxeren

hitzak musikatu zituen.

 

Hurrengo lana Awañak izan zen (Bonberenea Ekintzak, 2008), Rafa Aceves pianistarekin (Mamba Beat) Tolosako Bonberenean grabaturiko zuzeneko diskoa.

 

2009ko uztailean, berriz, Katarain estudioan sartu zen Barrence Whitfield kantari estatubatuarrarekin, eta egun gutxitan disko bat grabatu zuten: Barrence Whitfield eta Petti & The Bloodyhotsaks (Bloody Hotsak, 2009). Hainbat kontzertutan aurkeztu zuten diskoa.

 

Ondoren, Xabi Garre abeslari eta gitarrista donostiarrarekin (Señor No) kontzertu akustikoak ematen hasi zen. Rock & roll, rhythm & blues eta soul egileen bertsioak eskaintzen zituen bikoteak (Ray Charles, David Bowie, Andre Williams, Jimi Hendrix, Rory Gallagher…). Abesti horietako batzuk disko batean jaso zituen: Xabi ta Petti (Gaztelupeko Hotsak, 2012). Gainera, Roy Loney mitikoaren gitarrista izan zen Spain Tour 2013 biran.

 

2013an, Balerdi Balerdi taldean gitarra jotzen hasi zen, eta zenbait kontzertu eskaini dituzte, han eta hemen.

 

Hurrengo urtean, Astirtitan argitaratu zuen, (Bonberenea Ekintzak, 2014). Astirtitan diskoak bost kantu eder biltzen ditu. Azalak adierazten duen bezala, lan iradokitzailea eta erakargarria da, berezia erabat. Abesti guztien musika Pettik konposatu du. Pettik berak Egunero eta Argiak kantuen hitzak idatzi ditu, Harkaitz Canok Suerteren Bluesa eta Erramurik gabeko gauak kantuenak, eta Bernardo Goietxek Hil arte edan kantuarena.

 

Grabazio saioetan, hainbat musikari handirekin aritu da Petti: Karlos Aranzegi (perkusioak), Iñigo Telletxea (baxua), Igor Telletxea (bateria), Joxan Goikoetxea (akordeoia), Estitxu Pinatxo (ahotsak) eta Freddi Pelaez (Hammond b3). Donostiako Kursaalean aurkeztu zuen diskoa, 2015eko otsailean.

 

2016eko martxoan, berriz, Hotzikarak grabatu zuen. Maiatzaren 7an eman zuen aurkezpen-kontzertua, Antzoki Zaharrean (Donostia), eta geroztik kontzertu-bira bat egin zuen, Etxeko Uzta taldearekin batera, Euskal Herriko areto eta plaza nagusietan. Tartean, Korrikaren abestian ere parte hartu zuen (Zirkorrika)

 

Petti Bonberenean Zuzenean, Awañak diskoa grabatu zuen modu berean grabatu  zuen, 2018ko abenduan: zuzenean, Bonberenea gaztetxean. Eneko Dorronsoro trikitilariaren laguntzarekin, bere ibilbideko zenbait kantu kuttun jaso zituen, beste molde batez, baita aurrez grabatu gabeko batzuk ere. 

 

Horrez gain, bakarkako kontzertuak ere eskaintzen ditu, eta beste diziplina batzuetako sortzaileekin ere aritu da, bereziki, literatura-mundukoekin.

 

Horren erakusgarri da azken diskoa: Manipulazio estrategiak (*Zart, 2020). Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta, eta Harkaitz Canoren hitzekin, gizartea komunikabideen bitartez manipulatzeko estrategiak jasotzen ditu. COVID-19ak zuzenean eragin dio, Martxoaren 15ean baitzen aurkeztekoa, Guggenheim museoaren aretoan. Bezperan ezarri zen alarma, eta bertan behera geratu ziren ekitaldi guztiak. 

 

Azkenean, 2020ko urriaren 4an aurkeztu zuen diskoa, eta, geroztik, aurrez aurreko kontzertu ugari ematen dabil. 

 

Pettik 2021eko Musika Saria jaso du maiatzaren 19an, Manipulazio estrategiak lanarengatik.

 

 

Petti, Etxeko Uztarekin. Arg: J.A. Areta Goñi (Juxe).
Petti, Etxeko Uztarekin. Arg: J.A. Areta Goñi (Juxe).

Nor da

Petti musikagile, abeslari eta gitarra-jotzaile aparta da. Nafarroan jaioa (Bera, 1973), oso gaztetatik hasi zen musika egiten, eta 1999an argitaratu zuen bere lehen diskoa. Geroztik, beste hamabi atera ditu (azkena, Manipulazio estrategiak, 2020an), eta hainbat bildumatan ere parte hartu du. Halaber, gustuko du beste estilo eta diziplinatako artistekin elkarlanean aritzea. 

Pettiren musikak berezko nortasuna du. Erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko kantuak, gitarra jotzeko trebezia eta oholtza gaineko indar basa dira bere ezaugarri nagusiak. 

2020ko urriaren 4an estreinatu zuen Manipulazio estrategiak, Guggenheim museoaren aretoan, eta geroztik zuzenekoak ematen ari da, formatu desberdinetan.


KONTRATAZIOA: 697 763 490

petti.musika@gmail.com


Web eta hizkuntza arduraduna: Ana Galarraga Aiestaran

 

Goiburuko argazkia: Jon Iraundegi