Pettik gustuko du bere musika beste diziplina batzuekin uztartzea. Adibidez, 2011. urtean, Xabier Leteren omenez antolatutako kontzertuetan parte hartu zuen Pettik, Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin eta beste zenbait musikari, idazle eta bertsolarirekin batera. Haren harira, Sortuko dira besteak ikuskizuna sortu zen 2012n, Euskal Herriko zein nazioarteko abeslari eta taldeen kantuen moldaketak eskaintzeko. Hainbat emanaldi egin zituzten, Pettiren parte-hartzearekin.
Horrez gain, Harkaitz Cano idazlearekin eta Joxan Goikoetxea musikariarekin, Gau beranduan estreinatu zuen 2013an.
Lagun berberekin Ilargiaren alde erantzia eman du 2015ean, Bilboko Gutun Zuria literatura-jaialdian.
Urte berean, Mikel Laboa katedrak bultzatutako Sonetoak proiektuan parte hartu du. Hain zuzen, Juan Garzia Garmendiak euskarara ekarritako William Shakespeareren sonetoak abesten ditu.
2016an, berriz, Irati Jimenez idazlearen Nora ez dakizun hori (euskaraz) eta Nora (gazteleraz) narrazio liburuak oinarri hartuta, literatura, antzezpena eta musika uztartzen duten saioak eskaini dituzte Jimenezek eta Pettik elkarrekin.
2016aren amaieran, Itzal zaunka disko-liburuan parte hartu du.
Ipuin grafiko batek eta hamaika kantuk osatzen dute argitalpen hori, Antton Olariagaren marrazkiek, Harkaitz Canoren hitzek eta Jexuxmai Lopetegiren musikaz josia. Txakur baten hausnarketek
izatearen oinarrizko zalantza eta galderetara eramaten dute irakurlea eta entzulea. "Zakur ilun, begi urrekara" abesten du Pettik diskoan, eta zuzeneko emanaldian ere aurkeztu
du.
2017ko Literaturia jaialdian, berriro elkartu da Irati Jimenezekin. Hain zuzen, Literaturiaren irekierarako berariaz prestatutako emanaldi bat eskaini dute elkarrekin: "Nigan, ispilu batean bezala".
Ekainean, "Adiós a la Bohemia" opera txikian parte hartu du, Rafa Berrio eta Joserra Senperenaren gidaritzapean. Pio Barojak idatzi zuen libretoa eta Pablo Sorozabalek koposatu zuen musika.
Moldaketa honetan, Berrio eta Senperenaz gain, Angela Molina eta maila handiko beste musikari eta abeslari batzuek ere parte hartzen dute, tartean, Pettik. Ekainaren 25ean estreinatu dute, Victoria Eugenian (Donostia).
Victoria Eugeniako argazkian, Iza, Bentley, Bengoetxea, Bartrina, Senperena, Molina, Petti, Rueda eta Berrio ageri dira, azken agurrean.
Petti musikagile, abeslari eta gitarra-jotzaile aparta da. Nafarroan jaioa (Bera, 1973), oso gaztetatik hasi zen musika egiten, eta 1999an argitaratu zuen bere lehen diskoa. Geroztik, beste hamar atera ditu (azkena, Bonberenean Zuzenean, 2018an), eta hainbat bildumatan ere parte hartu du. Halaber, gustuko du beste estilo eta diziplinatako artistekin elkarlanean aritzea. Orain, egitasmo berri bat lantzen ari da: "Manipulazio estrategiak". Laster ikusiko du argia.
Pettiren musikak berezko nortasuna du. Erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko kantuak, gitarra jotzeko trebezia eta oholtza gaineko indar basa dira bere ezaugarri nagusiak.
KONTRATAZIOA: 697 763 490 |
petti.musika@gmail.com |
Esta página web ha sido creada con Jimdo. ¡Regístrate ahora gratis en https://es.jimdo.com!